XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

A.2.1. MIAKETAK ARABAN Arabako Arkeologia Institutoko lankideek eraman dituzten miaketak plangintza sistematikoei jarraituz egin dira, kasu batzuetan aztarnategi berrien aurkikuntzara bideratuak eta beste batzuetan, ezagutzen direnen berrikusketa eta datu-bilketara.

1983an zehar 85 miaketa-irteera egin dira.

Miatutako zonaldeak honako hauek dira: Billarrealgo urtegia, Rojo ibaiko ibarra, Santa Kruz de Kanpezo, Barri, Bobeda-Tobillas, Izarra, Labraza, Loza eta Arabar-Errioxa.

Aztarnategien berrikusketari buruz (argazkiak, datu-bilketa, zaborkentzea eta abar) honako toki hauetan lan egin da: Aiuda ibaian; Anuzita-Minbredo-n, Zaraten, Zalduendon, Entzia mendizerran, Markinez-en, Errioxan, Karasta-n, Iturrietako mendietan, Luzkando-n, Arriola-n, Laño-n, Gillerna-n eta San Formerion.

Miaketa hauen ondorioz egin diren aurkikuntzak hauek dira: -10 aire-zabaleko aztarnategi, Rojo ibaian batez ere.

- Tumulu bat, Billarealgo urtegian.

-3 Burdin Aroko hiriska, Labraza, Santa Kruz de Kanpezo eta Bobedan.

-2 Erromatar aztarnategi, Tobillas eta Labrazan.

- Labrazan, Erdiaroko eremu bat.

- San Formerion, Erdiaroko hilerri bat.

- Gainera, Luzkandoko eremutiko erromatar hilarri sail bat.

Beraz, postpaleolitotik Erdiarora arteko aldi kulturalak barne sartzen dira.

Horrela Araban arkeologiak ikertutako garaietan giza finkamenduak dexente gehiagotu dira.

A.2.2. MIAKETAK GIPUZKOAN. A.2.2.1. Haitzuloetako Arkeologi miaketak Gipuzkoan

Gipuzkoako Karta Arkeologikoa argitaratu zenetik (Munibe, 34,1982) 1983ko Abendura arte, haitzulo-aztarnategi ugari gure jakinean jarri edo aurkitu dira.